Maurizia Naz · 2016

Kale
Egunkari orri bati sua emanez panderoaren larrua berotu du Mauriziak. Kontu handiz, bizitzak erakutsi baitio beroa ez dela beti goxoa, gehiegi gerturatuz gero, garrek, pasioen antzera, erre egin zaitzaketela. Albokaren doinua entzuterako, kokotsa altxatu eta bizitza eman dio panderoari, eta biziki mugitzen ari den haren eskuan, esku asko ikusi ditut; milaka emakumeren eskuak une batetik bestera hegan irteteko prest.

FITXA TEKNIKOA

  • Zuzendaritza: Edu Muruamendiaraz
  • Eszena Zuzendaritza: Ainhoa Aierbe
  • Testua: Karmele Jaio
  • Argiztapen diseinua: Carlos Solano
  • Zugendari laguntzailea: Eli alberdi
  • Koreografiak: Edu Muruamendiaraz y Aukeran DK
  • Garaikide Koreografiak: Ane Anza
  • Dantzariak: Aukeran Dantza Konpainia
  • Jantzien Diseinua: Oscar Armendáriz y Aukeran DK
  • Jantziak: Oscar Armendáriz
  • Argazkiak: David Herranz
  • Ekoizpen exekutiboa: Aukeran DK
  • Ekoizpen laguntzailea: Jaione Jauregi
  • Banaketa: Bapo Bapo produkzioak

Bere hatzak orduan hasten dira azal, egur eta txapa puska horri bizia ematen eta bere eskuaren mugimendu kementsuan esku asko ikusten ditudala iruditzen zait orduan, hegan hasteko zorian dauden emakumeen eskuak. Bere bat-bateko ahotsak dena blaitzen du eta ahots asko ere bihurtzen da, alaitasunaz, harrotasunaz, indarraz, grinaz hitz egiten duten emakumeen ahotsak. Baita beldurrarena, amorruarena, askatasun irrikarena, minarena ere.

Galeria

Emakumeen ahots horiek guztiak aldi berean algara eta kexu, ospakizun eta salaketa direlako. Bere sorginduraren eraginpean, txolarre bat saihetsen zuloan harrapatuta dudala sentitzen dut, bere hezurrezko kartzelatik atera nahian jauzika hasten den txori txiki bat. Eta eragiten didan dardarak aldi berean barre eta negar eginarazten dit, ahots horiek askatzen duten harrotasuna eta poza, baita haien mina eta beldurra ere, berezkotzat aitortzen baititut.

Askotariko ahotsek atximur egiten diote nire azalari, igurtzi egiten dituzte bizitzak bere baitan suz markatu dituen orbainak, eta esaten didate, esna zaitez, altxa kokots hori, begiratu bizitzari aurrez aurre eta kanta ezazu, ospa ezazu, egin barre zorionarekin, aurre egiozu zigorrei. Orduan iruditzen zait haien artean nire ahotsa ezagutzen dudala, panderoa jotzen duten hatz abaniko artean nire eskua ikusten dudala.

Eta orduan ulertzen dut: ni Maurizia naiz. Ni ere Maurizia naiz. Eta bera bezala, prest nago plazara ateratzeko.